Aitzakiak
Nahiko aitzakia izan ote daiteke azterketa bat gainditu nahi izatea? Laugarren blog hau zabaltzeko horixe aitortu diot neure buruari. Azterketa horretarako trebatzeko ez bada ere, blog berri honi hasiera eman behar niola, alegia.
Ene barruko gauza bik hartzen dute elkar hemen: 16 urte nituela-edo hasi nintzen idazten, sarri barrua hustea helburu, eta 16 urte nituela hasi nintzen euskaraz ikasten, barrua betetzea helburu. Iaz utzi nion euskarazko ikasle ona izateari, iaz birritan egin nuen tupust C2 mailako harriarekin. Orain burua altxatu nahirik nabil eta hona nire pentsamendu tresna eta bidea: 4-brbk
Egin nituen idazki gehienak klasean hil ziren; zenbaitetan, larregitan agian, estilo kontuetan baino ez ziren irakurri idatziok; idazlan mailara jausi ziren nire idatziak. 4-brbk izan bedi idatziok duintzeko tresna, izan nadin neu idatzi duinen egile.
Izkiriatu ahala sarri zerbait ere esan nahi izan nuen; era dotorean egin nahi, gainera. Baina dotoretasuna askotan ez da izan pinpirinkeria baino; eta ahalegin haiek ez ziren indarra alferrik erabiltzea baino. Ondo egin nahi eta trakets gelditu; minagoa, esan nahi eta entzuna izan ez.
Ez dago hor nirea ez den inoren hutsik. Honetan ere hasi behar hazten 4- brbk nire beharrizan baten erantzuna ere bada.
Oraingoan gauzak esateko plaza hau paratu nahi izan dut; plaza, plaza baino bidegurutzea. Cinq Cantons Baionan, hau Quattro Strade izan liteke, 4a hortik ere badator.
Berbek eduki dezatela indarra. Ikasiko ahal dut eurokin diskurtsuak osatzen… hortik brbk.

About this entry
You’re currently reading “Aitzakiak,” an entry on 4 - brbk
- Published:
- 2010/02/13 / 11:30 pm
- Category:
- MJ
- Laburpen hitzak:
No comments yet
Jump to comment form | comment rss [?] | trackback uri [?]