Jatetxeak eta errestoranteak

Argentinatik etorri nintzela, sei bat urte izango ziren, lagun hura berriro ikusi nuenerako. Aldaketa bakarrak harritu zuen laguna; jatekoari buruz berba piloa egiten nuen. Euskalduntze-prozesuaren pausuetariko bat izan zen hura. Gero eta euskaldunagoa naizenez, gaurkoan jatetxeez idatziko dut. Jatetxe on eta txarrez idazteko esan didate, baina nik zehazte aldera “euskal” ñabardura gehituko diot.

Jatetxe on eta txarren arteko aldea agerikoa da. Ez dut uste gehiegi luza daitekeenik -beno, luzatu luza daiteke, baina jardun guztiaren atzean ez litzateke idazlearen kultura oinarriak besterik agertuko-. Kulturak kultura, denok ados egongo gara zikinkeria txarraren ezaugarria dela badiot.

Literaltasunean ulerturik erraz etorriko gara bat: jatekoa, mahaia, zein zerbitzaria edo komunak zikin dituen jatetxeak nekez izan dezake jatetxe onaren ospea. Ados.

Goazen, bada, literaltasunetik haratago: tratua zikina bada, irabazi-nahiak zikinak badira -beraz, ordaindu behar duguna edo platerean dakarkigutena dagokion neurrikoa ez bada, zikinkeria zekenkeria -, lana zikin edo zeken egiten bada; tipulak behar beste denboran sutan eduki ez badira, tomatea behar den moduan zatitu ez bada, labean behar zuen beste denbora pasatu ez badu…, hori ere nekez iritsiko da jatetxe onen artera. Jarreran zikinkeriak ere lohitzen du izena, jakina denez.

Jatetxe onak, berriz, kalitatea zaindu behar du, onak behar ditu lehengaiak eta zerbitzua, kalitatezkoak sukaldariaren ahalegin eta lorpenak, baita garbitzailearenak ere. Kalitatea denean behar du ona titulua lortu nahi duenak, zeren eta, bakar batean huts eginez gero, jatetxe ona izatetik han ondo jaten da-ra igaroko bailitzateke.

Aurrerago esan dudan legez, euskal izenondoa gehitu nahi izan diot ideia honi. Horrela, askok txartzat joko luketen Lekeitioko Döner Kebab salbu utziko dut, hor ezelako zikinkeriarik ez baitago, baldin eta zikintzat jotzen ez badugu Turkia aldetik etorritako jateko ohitura horiek, islamiar itxurako zerbitzaileak edota gure etnozentrismoak ondo ikusten uzten digun dena delakoa. Hori, kebaba jateko toki ona da; jatetxea ote den bestelako kontua da.

Euskal jatetxeak

Martin Berasategirena ez omen da euskal jatetxe osokoa, ez, ezta gure hirietan euskal letrez ondo hornitutako gehienak ere; euskal jatetxe ona Aulestin dago, Munitibarren, Urdazubin edo Donazaharren, Arzakek ere ba omen du bat. Euskal jatetxearen atzean andre bat egoten ei da, euskal jatetxe benetakoan ez da jatekorik saltzen.

Euskal jatetxeak zerbitzua eskaintzen du, ondo jango duzula ziurtatzen dizu, bero jango duzula, osasungarri. Euskal jatetxea horixe duzu: jatetxea, jateko etxea.

Erdal jatetxeak, berriz, anoa baizik ez du eskaintzen. Erdal jatetxea ez da jatetxea, restaurantea da, sitio en el que se restaura, eraberritzeko etxea, sukalde-tailerra.

Goian aipatutako lagunarekin Bartzelonan elkartu nintzen, eta, berandu zenez, afaltzera joan ginen. Euskal Tabernara eraman nituen bera eta gizona. Bartzelonako Euskal Taberna erdal errestorante argia dugu: euskal lotsa eta euskal damua sentitu nituen.

_________

zuzenduta


About this entry