Elkarbizitzaz nire egiak

Lehen onargarritzat har zitekeen eredu bakarra zegoen elkarbizitzari dagokionean, ezkon bizitza; orain, berriz, 21. gizaldi berri postmodernoan murgilduta gaude eta gure uste eta iritziak demokratizatu egin ditugu. Orain ez gaitu harritzen bat edo beste lagunekin bizi izateak, bikoterik gabeko bizitza aurrera eraman nahi izatea ere normaltzat hartzen dugu eta, inondik ere, familia monoparentalaren eredua aukera guztiz onargarritzat hartzen ikasi dugu. Hautu horiek guztiek ez gaituzte harritzen. Lehengo pentsamolde hertsietatik ihesi oraingo moldakorretara egin dugu jauzi. Malgutasun mentalarena da gaurko gizartea.

Malgutasun mentalaz ari naizela, urtutako garunek sortutako pentsamenduen kalitateaz ere idatz nezake, oraingoan lotu nakion elkarbizitzari.

Elkarbizitzarako aukerak hainbat dira, zuzenak urriak; ezkon bizitzatik haratago latz. Postmodernitatera emigratutakoek eraikitako gizartean bizi gara eta emigrante horiek geu gara. Umeak bezala portatzen gara. Demokratizatutako jogurta eta petit suisseren gizarteko nagusiok jabetzen hasi gara gure aurrekoek oraingo gizartera egokitzeko eduki dituzten arazoez. Guk hobeto egokitu nahi dugu eta ahalegin horretan status quoa geure egiten dugu, orduan, dena zaigu onargarri, dena baliogarri, denetarako eskubidea eduki behar omen dugu hurkoa kaltetzen ez dugun artean. Eskubideen diskurtsuan ahazten dugu gure betebeharra.

Bizi garen gizarte honetan ezkon bizitza ez den ezein aukera zuritu behar izaten da; horretarako ez da baiezko esaldirik ia erabiltzen, hurbiletik eta sakon entzunez gero, zeraz konturatzen gara: euren diskurtsoaren oinarria ezezko esaldietan oinarritzen da; ezeztapenetan zer eraiki daiteke?

Ez dut aurkitu…, ez dut nahi inoren…, zergatik egin behar dut…? Nik ez dut nahi nire… Ez dago aurrera daraman baieztapenik.

Ezagutzen dudan hainbatek aurrera bakarrik egitea erabaki dute; gauez Bakardadeak zoratzen ditu, baina. Eguneko gauak kanpoko bitartekoekin argitzen dutenak ugariak dira, urteko gauetan zoratzen ditu Bakardadeak horiek. Batzuk urteak pasatzen dituzte gaurik ia ezagutu barik, horiek bizitzako gauean zoratzen ditu Bakardadeak. Denok behar dugu inor.

Badaude hainbat bizitzak, honegatik edo hargatik, bakarrik utzi dituenak; bai, badaude, baina horiek hobeto daroate gaua, horiek ez diote ihes egiten gauari. Nahiz eta gauez Bakardadeak zerbait urratu batzuetan.

Holako egueran dagoen inor txarto dabil bere borondatez sartu bada; borondatez ez bada, orduan patuaz ari gara eta patuak ez du bihotzik.

Ezkon bizitzak bakantasunaren ametsa urtzen du, aurrera eraman nahi denean barruko nia isildu behar dugu guaren mesede. Mundua eta bizitza gure gauean amaituko direnik ez da pentsatzen, gure patuak pisua galtzen du eta zoriak irabazten.

Ezkon bizitza diodanean berdin dit zenbat paper bete den, Elizan, Mezkitan edo bakardadean elkarri bihotzean laztanduz egin den. Ezkontzak etorkizunean sinesten dela erakusten du eta, era berean, ezkonbizitza aurrera eramateak unerik une eraikitzen du iragana eta, horrekin batera, oraina eta etorkizuna oinarritzen. Gutaz gaindiko kate baten ezinbesteko maila garela erakusten digu eta gaitu.

Beti ume izan nahi dutenak ere badira; baina, aukeratu behar denean, zuzen egiten ez duenak, ume izaten segitu nahi duenak, bere larruz eta bere espirituz ordaindu beharko du kargutu nahi ez izatea; gauez Bakardadeak egingo dio berba. Ez dago kanpoko eragin nahikorik Bakardadearen berba isilduko duenik.

Nire egiak dira, zuri balio ez badizute, zuk baieztapenetan bestelako diskurtsoa eraiki ahal baduzu, aurrera zure bizi postmoderno eta alternatiboan. Baina ez egin tranparik zure buruari, zure aukera azaltzen duzunean ezeztapenak erabiltzen badituzu, jakizu aurrera ez zoazena.


About this entry