Erabaki garrantzitsuak

Erabakien garrantzia

Bizitzako erabakiak neurtzeko era bi daude, bizitza ulertzeko dagoen bezainbeste era. Lehenengoa, ingeniari eta bankeroen artean ulergarriena: arrazoiaren ikuspegitik neurtzea, kausa-ondorio ikuspegitik, alegia.

Nire bizitza horrelakoekin azaldu beharko banu, kontserbatorioa nolatan utzi nuen kontatu beharko nuke. Edo paper bati sua ematea zelan otu zitzaidan, maisua klasean zegoela… eta horrek eragin zidan eskola aldaketa. Eta Europara emigratzeko lehenengo pausua noiz eman nuen. Ezin ahaztuko nuke taberna hartu nuenekoa, ezta UNEDen izena eman izana ere… Horiek lirateke kanpoko ikuskatzaile batek aipatuko lituzkeen nire bizitzaren ardatzak, arrazoiaren bidekoak.

Baina, aurrerago esan dudan legez, horiek arrazoiaren munduan dute garrantzia: ni kontserbatorioan antzina nengoen sobera; eskola horretatik berdin-berdin botako ninduten; txikitan hasi nintzen igartzen Buenos Aireseko aire kutsatuak itotzen ninduela; taberna hartzera biziak eraman ninduen, eta ikasten berriro hastea ez zen izan nire formazioaren ondorioa besterik.

Batzuek uste dute bizitza arrazionala dutela ardatz; nik, berriz, ondo dakit emozioan dagoena ardatza. Horra beste ikuspegi posiblea, emozioena. Bizitzaren benetako ardatza eta erabakien benetako garrantzia haiek erakusten baitute.

Emozio bat

Zortzi bat urte edukiko nituen lehenengo erabaki garrantzitsua hartu nuenean, Buenos Aires inguruko auzo batean bizi zen gure aita eta kalean olgatzen nintzen zapatu-domeketan. Aitaren etxearen aurreko espaloian, etxeen artean, lur sail soil bat zegoen, bi metro eta erdiko horma batek ezkutatuta. Han, etxe aurreko horma hari begira, orduak pasatzen nituen orekari eutsiz zelan igaro nintekeen pentsatzen. Funanbulistak zirkoan ikusiak nituen eta zoratu egin ninduten: zinez txarra nintzen orekari eusten, baina haren gainean ibili nahi nuen nik.

Egun batean horma hartara igo nintzen. Alderdi batera kalea eta espaloia, bestera sastraka eta ezkutukoa, bietara bi metro eta erdiko kolpea. Lehenengo pausua eman nuen, ondoren bigarrena, gero hirugarrena eta horrela bost metroko horma hura punta batetik bestera igaro nuen arte. Zortzi bat urte baizik ez nuen artean.

Erabaki garrantzitsua ez dakit zein izan zen, lehenengo pausua ematea ala horra gora igotzea, ez dakit noiz erabaki nuen beste alderdira ailegatu behar nuela.

Harrezkero, ziurtasunik gabe eta fedez betea aurrera egitea erabakitzen dudan bakoitzean, horma haren hasieran nago berriro.

Beste emozio bat

Nik telebistarik ez ikusteko kablea ostenduta zeukan amak. Zer edo zergatik ipinitako zigorra zen; ni telebistaren erabateko menpekoa nintzen orduan. Auzoko denda batera joan eta telebista horretarako kablea erostea erabaki nuen. Behar nuena eman zidaten eta, diru nahikorik eduki ez nuenez, zorko utzi nuen. Biharamunean edo hurrengo egunean ordainduko niela agindu nien. Biharamuna igaro zen eta nik ahaztu; hurrengo egunean ere laster joan nintzen etxera telebista ikustera zorrik kendu barik. Noizean behin gogoratzen nintzen zorraz, baina egun bat bera ere ez zen ona izan ordaintzera joateko.

Urteak igaro ziren eta nire itxura aldatu ere bai. Agian, beste zerbait erosiko nuen eta bueltako diruak utzi, baina erosi ez eta zorrik kitatu ez. Egun batean horrek ez zuela ardura erabaki nuen. Zorra zelan kendu eduki arren, aurrera segitzea erabaki nuen.

Harrezkero, sarri erabaki izan dut dagokidanari ez heltzea; harrezkero, sarri aurkitu izan dut nire burua kitatu bako zaku bete zor lepoan dudala. Denetan ordaindu gabeko kable hura dago.

Bestelako emozio bat

Lan munduan antzina hasita nengoen, gustuko lanean gutxi ibilia nintzen eta astun egiten zitzaidana ondoegi ezagutzen nuen. Ezagutu gabeko lana lortu nuen, Bizkaiko hondartzarik politena zaindu behar nuen. Aurreko urtean hondartzain ibilitakoak esaten zidan zertzuk egin nitzakeen: belarra moztu, parrillak garbitu, kartelak konpondu, dutxa ingurua arteztu, parkinga garbitu… Bai eta zera ere! Nik nork kontrolatu eduki barik lanean zera hasiko nintzen! Aukera hori aprobetxatu behar nuen, atseden hartu, irakurtzeko nituenak irakurri…

Eta halaxe egin nuen: eguzkitan irakurri, itsas ertzetik paseatu, belarrak nola hazten ziren ikusi, pentsatu… bai, batez ere horixe, pentsatu, buruari eragin irakurritakoaz, gero, bizi izandakoaz, gero, bizitzekoaz, gerotxoago, bizi nezakeenaz.

Buruari lar eragiten nion. Orduan konturatu nintzen deskantsuak kantsantzioa behar duela, eskuak nekatzen ez dituenak burua unatzen duela. Horrela, egutegian markatu barik dagoen 2000ko ekaineko egun batean lana egitea erabaki nuen, bidea niri zegokidanari heltzean zetzala onartzea erabaki nuen.

Ordutik, nire burua alferkeriatan sumatzen dudan bakoitzean, ekin beharra itzartzen zait eta berorri ematen diot aginpidea.

Hemen kontatuko dudan azken emozioa.

Hogeita hamalau bat urte izango nituen eta lorerik lore igarotako azken hilabeteetan ezagutu nuen neska batek dar-dar eragiten zidan; berbetan elkar aurkitzen genuen, dantzan ere bai. Kimika lizentziaturetan aztertzen ez den kimika bageneukala sentitzen nuen.

A8an genbiltzan eta Zornotza pareko gasolindegian ausartu nintzen esatera; berorrekin ederto sentitzen nintzela esan nion, ea seme-alabarik edukitzea pentsatuta zeukan itaundu nion. Nire erabakia argia zen: ez nion utziko neure buruari korapilatzen ondorengoentzako bidea zabaltzeko ez bazen. Bihotza ez nuen urratuko alferrik.

Harrezkero bihotza nahikotan urratu diogu elkarri, eta zenbaitetan osatu; semeari erabakiak hartzen nola erakutsiko diogun sarri ereabiltzen dugu berbetan.


About this entry